Urria
Asteazkena, urriak 1
Goiko jakinduria obeditzeko prest dago (St. 3:17).
Zaila egin al zaizu inoiz obeditzea? Dabid erregeari bai. Horregatik, honakoa eskatu zion otoitzean Jainkoari: «Piztu nigan zuri obeditzeko desira» (Sal. 51:12, NWT). Dabidek Jehoba maite zuen, baina batzuetan zaila egin zitzaion obeditzea. Guri gauza bera gertatzen zaigu. Zergatik? Lehenik, denok dugulako desobeditzeko joera. Bigarrenik, Satanas guk Jehobaren aurka egin dezagun saiatzen ari delako etengabe (2 Ko. 11:3). Hirugarrenik, mundu honen jarrera desobedienteaz, hau da, «jende errebeldeagan ari den espiritua[z]» inguratuta gaudelako (Efe. 2:2). Beraz, gogor saiatu behar gara bekatu egiteko dugun joeraren aurka, baita Deabruak eta bere munduak guk Jehoba desobeditzearren egiten duten presioaren aurka ere. Aldi berean, gogor egin behar dugu lan Jehobari eta berarengandik autoritatea jaso dutenei obeditzeko. w23.10 6 ¶1
Osteguna, urriak 2
Zuk orain arte gorde duzu ardo ona (Joan 2:10).
Zer ikasi dezakegu Jesusek ura ardo bihurtu zuen miraritik? Apaltasunari buruzko irakaspen bat. Jesus ez zen mirari honetaz harropuztu. Izan ere, bera ez zen lortutako gauzez inoiz harropuztu. Horren ordez, apalki-apalki eta behin eta berriz, ohore eta meritu guztia bere Aitari eman zion (Joan 5:19, 30; 8:28). Guk ere, Jesusek bezala, geure burua apalki ikusten badugu, ez gara gure lorpenez harrotuko. Harrotu gaitezen Jehoba zerbitzatzeko dugun ohoreaz, eta ez geure buruaz (Jer. 9:22, 23 [9:23, 24, NWT]). Eman diezaiogun Jehobari merezi duen meritua. Azken finean, ez dago bere laguntzarik gabe lortu dezakegun ezer (1 Ko. 1:26-31). Apalak bagara, ez gara besteen alde egiten ditugun gauzen meritua jasotzen saiatuko. Pozik gaude, badakigulako egiten ditugun gauzak Jehobak ikusi eta estimatzen dituela (Konparatu Mateo 6:2-4; Heb. 13:16). Dudarik gabe, Jehoba pozten dugu Jesusen apaltasuna imitatzen dugunean (1 Ped. 5:6). w23.04 4 ¶9; 5 ¶11-12
Ostirala, urriak 3
Ez begiratu nork bere onari bakarrik, besteena ere bilatu (Flp. 2:4).
Paulo apostoluak besteengan pentsatzera animatu zituen kristauak. Nola jarri dezakegu praktikan aholku hau bileretan zehar? Besteek, guk bezala, parte hartu nahi dutela gogoratuz. Pentsatu honetan: lagunekin zaudenean, zuk bakarrik hitz egiten al duzu besteei aukerarik eman gabe? Noski ezetz! Beraiek ere elkarrizketan parte hartzea nahi duzu. Era berean, bileretan besteei ahalik eta gehien komentatzen utzi nahi diegu. Izan ere, anai-arrebak animatzeko modurik onenetako bat beraien fedeaz hitz egiteko aukera ematea da (1 Ko. 10:24). Saia gaitezen iruzkin laburrak egiten besteei ere komentatzeko denbora uzteko. Iruzkin laburra egin arren, ez aipatu ideia gehiegi. Paragrafo osoa aipatzen baduzu, zer komentatuko dute besteek? w23.04 22-23 ¶11-13
Larunbata, urriak 4
Guztia berri onagatik egiten dut, hau besteekin partekatzeko (1 Ko. 9:23).
Gogoan izan behar dugu oso inportantea dela besteak laguntzen jarraitzea, bereziki predikazioan. Malguak izan behar dugu sinesmen, jarrera eta jatorri desberdinetako jendea topatzen dugulako. Paulo apostolua moldakorra zen, eta bere eredutik asko ikasi dezakegu. Jesusek «jentilen apostolu» izendatu zuen Paulo (Erm. 11:13). Judu, greko, intelektual, jende xume, agintari eta erregeei predikatu zien. Hain desberdinak ziren pertsona hauen guztien bihotzetara iristeko, Paulo «ahalik eta gehien egokitzen saiatu» zen (1 Ko. 9:19-22). Bere entzuleen kultura, jatorri eta sinesmenetan jarri zuen arreta. Honi esker, bakoitzari modu erakargarrian hitz egin ahal izan zion. Bera bezala, moldakorrak bagara eta pertsona bakoitza laguntzeko modu onena zein den pentsatzen badugu, guk ere predikazioan hobetuko dugu. w23.07 23 ¶11-12
Igandea, urriak 5
Jaunaren esklabo batek ez du borrokatzeko beharrik, baizik eta guztiekin atsegina izan behar du (2 Tim. 2:24).
Norbait lasaia izateak ez du esan nahi ahula denik. Izan ere, barne indar handia behar da egoera zailetan lasaitasuna mantentzeko. Lasaitasuna «espirituaren fruitua[ren]» alderdi bat da (Gal. 5:22, 23, NWT). Lasaitasun bezala itzulitako hitz grekoa domestikatua izan den zaldi basati bat deskribatzeko erabiltzen zen batzuetan. Irudikatu otzana, edo lasaia, izatera iritsi den zaldi basati bat. Zaldia orain otzana izan arren, indartsu izaten jarraitzen du. Eta guk nola ikasi dezakegu lasaiak eta aldi berean indartsuak izaten? Hau ez da gure kabuz lortu dezakegun zerbait. Otoitzean Jainkoari bere espiritu santua eskatu behar diogu ezaugarri eder hau garatzen lagundu gaitzan. Pertsona askok lasaiak izaten ikasi dute. Adibidez, anai-arreba askok lasaitasuna erakutsi dute norbait beraiekin eztabaidatzen saiatzean. Ondorioz, pertsona batzuk Lekukoen inguruan iritzi hobea izatera iritsi dira (2 Tim. 2:24, 25, NWT). w23.09 14 ¶3
Astelehena, urriak 6
Otoitz egin nion Jehobari eta eman dit eskatzen niona (1 Sam. 1:27).
Ikuskari txundigarri batean, Joan apostoluak gantzutuak ikusi zituen zeruan Jehoba adoratzen. Jainkoa goratzen ari ziren «aintza, ohorea eta ahalmena» jasotzea merezi duela aitortuz (Ap. 4:10, 11). Aingeru leialek ere Jehoba goratzeko eta berari ohorea emateko arrazoiak dituzte. Zeruan Jehobarekin bizi direnez, ondo ezagutzen dute. Bere ezaugarriak bere ekintzetan ikusten dituzte. Ondorioz, Jehoba goratzera bultzatuta sentitzen dira (Job 38:4-7). Guk ere Jehoba goratu nahi dugu gure otoitzetan, bera zenbat maite eta estimatzen dugun adieraziz. Beraz, Biblia irakurtzen eta aztertzen duzun heinean, saiatu zure bihotza bereziki ukitzen duten Jehobaren ezaugarriak identifikatzen (Job 37:23; Erm. 11:33). Ondoren, kontatu Jehobari ezaugarri hauek nola sentiarazten zaituzten. Gainera, Jehoba goratu dezakezu zure eta anai-arreben alde egiten duen guztiarengatik (1 Sam. 2:1, 2). w23.05 3-4 ¶6-7
Asteartea, urriak 7
Jehobari zor zaion bezala bizi (Kol. 1:10).
1919an, Babilonia Handiak Jainkoaren herriarengan zuen kontrola galdu zuen. Urte hartan, «morroi leial eta zentzudun» bat agertu zen eta lanari ekin zion (Mat. 24:45-47; Is. 35:8). Era horretara, bihotz oneko pertsonek «Bide santu» hartatik bidaiatzen hasi ahalko zuten. Iraganean bide hau prestatzeko egin zen lanari esker, galtzada hartatik bidaiatzen hasi ziren pertsonek Jehoba eta bere helburuei buruz gehiago jakin ahal izan zuten (Esa. 4:18). Gainera, beraien bizimodua Jehobak eskatzen zuenera egokitu ahal izango zuten. Hala ere, Jehobak ez zuen espero bere herriak aldaketa guztiak batera egitea, baizik eta pixkanaka-pixkanaka hobetzen joatea. Zein pozik sentituko garen Jehobak atsegin duen guztia egiteko gai izatean! Bestalde, egoera onean mantendu daitezen, bide guztiek behar dituzte erregularki mantenimendu lanak egitea. Horregatik, 1919tik, «Bide santu» honen prestaketa lanak egiten jarraitu dira geroz eta jende gehiago Babiloniatik ateratzeko. w23.05 17 ¶15; 19 ¶16
Asteazkena, urriak 8
Ez zaitut inoiz utziko (Heb. 13:5).
Zuzendari Batzordeko kideak Zuzendari Batzordearen laguntzaileak pertsonalki trebatzen aritu dira. Laguntzaile hauek dagoeneko ardura asko betetzen dituzte erakundean. Kristoren ardiak zaintzen jarraitzeko ondo prestatuta daude. Larrialdi handiaren amaiera aldera azken gantzutuak zerura bilduak izatean, Jehobaren herriak bera adoratzen jarraituko du. Jesu Kristoren agintaritzari esker, Jainkoaren adoratzaileek ez dute bere zerbitzuan erritmorik jaitsiko. Badakigu garai horretan Magog herrialdeko Gog izeneko nazio koalizio batek Jainkoaren herria erasotuko duela (Eze. 38:18-20). Baina eraso labur horrek porrot egingo du; ez du Jainkoaren herriak Jehoba adoratzeari uztea lortuko. Izan ere, Jehobak salbatu egingo ditu! Zergatik esan dezakegu hau? Ikuskari batean, Joan apostoluak Kristoren beste ardien «gizatalde handi» bat ikusi zuen. Gizatalde handi hau «larrialdi handitik datozenak» direla esan zitzaion Joani (Ap. 7:9, 14). Beraz, ziur gaude Jehobak salbatu egingo dituela. w24.02 5-6 ¶13-14
Osteguna, urriak 9
Ez itzali espirituaren sua (1 Tes. 5:19).
Zer egin dezakegu espiritu santua jasotzeko? Otoitzean eskatu, Jainkoaren Hitza aztertu eta bere erakundearen jardueretan parte hartu. Hau egiteak «espirituaren fruitua» lantzen lagunduko digu (Gal. 5:22, 23). Pentsaera eta jokabide garbia izaten jarraitzen dutenei bakarrik ematen die Jehobak bere espiritua. Baina, pentsamendu zikinak izaten jarraitzen badugu eta hauen arabera jokatzen badugu, bere espiritua emateari utziko digu (1 Tes. 4:7, 8). Espiritu santua jasotzen jarraitzeko, honakoa ere egin behar dugu: «Ez gutxietsi profezi dohainik» (1 Tes. 5:20). Bertset honetan, profeziak Jehobak bere espirituaren bidez ematen dituen mezuak dira. Hauen barne, Jehobaren egunarekin eta gaur egungo garaiak duen premiarekin lotutako mezuak daude. Beraz, ez dugu pentsatzen Jehobaren eguna, hau da, Harmagedon, gure garaian iritsiko ez denik. Horren ordez, jokabide zuzena izaten jarraitzen dugu. Horregatik, «Jainkoari debozioa adierazten dioten ekintzak» egiten ditugu (2 Ped. 3:11, 12, NWT). w23.06 12 ¶13-14
Ostirala, urriak 10
Jehobaren beldur izatea jakinduriaren hasiera da (Esa. 9:10).
Zer egin beharko genuke gure gailu elektronikoan, bat-batean, irudi pornografiko bat agertzen bada? Bitan pentsatu gabe, segituan begiratzeari utzi beharko genioke. Jehobaren lagunak izatea gure altxorrik baliotsuena dela pentsatzen badugu, errazagoa izango da hau lortzea. Izan ere, berez irudi pornografikoak ez direnek ere desio moralgabeak izatera eraman gaitzakete. Zergatik baztertu beharko genituzke? Ez dugulako gure bihotzean moralgabekerira gerturatzen den ezer sartu nahi (Mat. 5:28, 29, NWT). David izeneko Thailandiako adindun batek dio: «Hauxe galdetzen diot neure buruari: “Pornografikoak ez diren irudiak izan arren, atsegingo al zaio Jehobari begiratzen jarraitzen baditut?” Horrelako arrazoiketak egiteak zuhurtziaz jokatzen laguntzen dit». Jehoba triste jarri dezakeen zerbait egitearen beldur izateak jakinduriaz jokatzen lagunduko digu. Jehobari errespetu handia izatea «jakinduriaren hasiera» edo oinarria da. w23.06 23 ¶12-13
Larunbata, urriak 11
Zoaz, ene herria, sartu zaitez zure geletan (Is. 26:20).
Gela hauek kongregazioak izan daitezke. Larrialdi handian anai-arrebekin elkartuta jarraitzen badugu, Jehobak babestuko gaituela promesten digu. Beraz, anai-arrebak toleratzea ez da nahikoa. Gogor lan egin behar dugu beraiek maitatzeko. Izan ere, hau orain egitea ezinbestekoa izan daiteke gu bizirik ateratzeko. «Jaunaren egun handia» garai zaila izango da gizakiarentzat (Sof. 1:14, 15). Jehobaren herriak ere zailtasunak izango ditu. Baina geure burua prestatzen badugu, lasai egoteko eta besteak laguntzeko gai izango gara. Izan dezakegun edozein erronkaren aurrean iraungo dugu. Gure anai-arreba maiteek sufritzen dutenean, ahal duguna egingo dugu beraiek laguntzeko errukia erakutsiz eta beraien beharrak asetuz. Eta anai-arrebak orain maitatzen saiatzen bagara, etorkizunean beraiengandik gertu mantenduko gara. Ondorioz, Jehobak hondamendiak eta larrialdiak egongo ez diren mundu batean betiko bizitzeko oparia emango digu (Is. 65:17). w23.07 7 ¶16-17
Igandea, urriak 12
Jehobak tinko egingo zaituzte, sendo egingo zaituzte, oinarri sendo batean finkatuko zaituzte (1 Ped. 5:10).
Gizon leial asko indartsuak izan zirela irakurtzen dugu Biblian. Baina, indartsuena izan zena ere, ez zen beti indartsu sentitu. Esaterako, Dabid erregeak batzuetan «mendia bezain tinko» zela sentitu zuen. Beste batzuetan, aldiz, «larritu egin» zen (Sal. 30:8 [30:7, NWT]). Jainkoaren espiritu santuari esker, Samsonek izugarrizko indar fisikoa jaso zuen. Hala ere, Jainkoaren indarrik gabe honakoa gertatuko zitzaiola onartu zuen: «Ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango» (Ep. 14:5, 6; 16:17). Jehoba izan zen zerbitzari leial hauei indarra eman ziena. Paulo apostoluak bazekien berak ere Jehobaren indarra behar zuela (2 Ko. 12:9, 10). Berak osasun arazoei egin behar izan zien aurre (Gal. 4:13, 14). Batzuetan, zaila egin zitzaion ondo zegoena egitea (Erm. 7:18, 19). Eta, noizbehinka, larrituta sentitu zen gertatu ahal zitzaizkion gauzetan pentsatzean (2 Ko. 1:8, 9). Hala ere, Paulo ahul zenean, indartsu egin zen. Zergatik? Jehobak eman ziolako behar zuen indarra, bera sendotuz. w23.10 12 ¶1-2
Astelehena, urriak 13
Jehobak bihotza ikusten du (1 Sam. 16:7).
Noizbehinka ez dugula ezer balio sentitzen badugu, gogoratu dezagun Jehoba dela berarengana erakarri gaituena (Joan 6:44). Gure ezaugarri onak ikusten ditu, nahiz eta guk ez ikusi. Berak ondo baino hobeto ezagutzen gaitu, badaki nolakoak garen benetan (2 Kro. 6:30). Beraz, Jehobak baliotsuak garela esaten duenean, ziur egon gaitezke hala dela (1 Joan 3:19, 20, NWT). Gutako asko, egia ezagutu aurretik egin genituen gauzengatik oraindik errudun sentitu gaitezke (1 Ped. 4:3). Jehoba leialki zerbitzatzen duten askok ere euren ahuleziekin borrokatu behar dute. Eta zuk? Sentitzen al duzu batzuetan Jehobak ezin dizula barkatu? Hala bada, ez zara bakarra. Jehobaren zerbitzari leial askok antzeko sentimenduei aurre egin behar izan zieten. Adibidez, Paulo apostolua zoritxarrekoa sentitzen zen bere inperfekzioetan pentsatzean (Erm. 7:24). Noski, Paulo bere bekatuez damutu eta bataiatu egin zen. Hala ere, horrela ikusten zuen bere burua: «Apostoluetan txikiena naiz ni» eta «inor ez ni baino bekatariagorik» (1 Ko. 15:9; 1 Tim. 1:15). w24.03 27 ¶5-6
Asteartea, urriak 14
Jehobaren tenplua utzi zuten (2 Kro. 24:18).
Honakoa ikasi dezakegu Joax erregearen erabaki txarretik: guregan eragin ona izango duten lagunak aukeratu behar ditugula, hau da, Jehoba maite eta bera poztu nahi duten lagunak. Gure lagunak ez dira gure adin berekoak izan beharrik. Gogoratu Joax bere lagun Joiada baino askoz gazteagoa zela. Zure lagunak aukeratzerako orduan, egin ondorengo galderak zeure buruari: «Laguntzen al didate Jehobarengan dudan fedea sendotzen? Jainkoaren arauen arabera bizitzera animatzen al naute? Jehobari eta Biblian ikasten dutenari buruz hitz egiten al dute? Jehobaren arauak errespetatzen dituztela erakusten al dute? Behar dudanean niri aholkua emateko ausardia al dute?» (Esa. 27:5, 6, 17). Egia esan, ez duzu Jehoba maite ez duten lagunik behar. Baina Jehoba maite duten lagunak badituzu, izan itzazu gertu, beti on egingo dizute eta! (Esa. 13:20). w23.09 9 ¶6-7
Asteazkena, urriak 15
Neu naiz Alfa eta Omega (Ap. 1:8).
Alfa letra alfabeto grekoaren lehenengoa da eta omega letra, berriz, azkena. Bere burua «Alfa eta Omega» bezala deskribatzean, Jehobak zerbait hasten duenean arrakastaz amaituko duela adierazten du. Jehobak Adam eta Eba sortu ondoren, esan zien: «Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi» (Has. 1:28). Momentu hartan, Jehobak gizakientzako eta lurrarentzako helburua zein zen esan zuen. Hori izan zen hasiera, edo Jehobak nolabait «Alfa» esan zuen momentua. Etorkizunean, bere helburua guztiz betetzean, eta Adam eta Ebaren ondorengo leialek lurra bete eta hau paradisu bihurtzean, Jehobak nolabait «Omega» esango du. Jehobak «zeru-lurrak eta berauetan dagoen guztia» sortzen amaitu zuen ondoren, bere helburua burutuko zuela ziurtatu zuen. Berak gizakientzat eta lurrarentzat duen helburua zazpigarren egunaren amaieran guztiz beteko dela ziurtatu zuen (Has. 2:1-3). w23.11 5 ¶13-14
Osteguna, urriak 16
Prestatu basamortuan bidea Jaunari, berdindu eremuan galtzada gure Jainkoari (Is. 40:3).
Babiloniatik Israelerako bidaia zaila zen eta, gainera, lau hilabete ingurukoa. Baina Jehobak bide hartan topatuko zituzten edozein oztopo kenduko zituela promestu zien. Judutar leialek bazekiten Israelera bueltatzeak askoz ere abantaila gehiago zituela. Izango zuten bedeinkapenik handiena beraien adorazioarekin lotuta zegoen. Jehoba adoratzeko ez zegoen tenplu bat bera ere Babilonian. Beraz, ez zegoen Moisesen Legeak eskatzen zuen bezala sakrifizioak egiteko aldarerik, ezta hauek eskaintzeko apaizgorik ere. Horretaz gain, jainko faltsuak adoratzen zituzten pertsonak Jehoba adoratzen zutenak baino gehiago ziren, eta hauek ez zituzten Jehobaren arauak errespetatzen. Baina Jainkoa errespetatzen zuten milaka judutar Israelera itzultzeko desiratzen zeuden adorazio garbia berriro ezartzeko. w23.05 14-15 ¶3-4
Ostirala, urriak 17
Jokatu argiaren seme-alaba bezala (Efe. 5:8).
Jainkoaren espiritu santuaren laguntza behar dugu «argiaren seme-alaba» bezala jokatzen jarraitzeko. Zergatik? Ez delako batere erraza mundu moralgabe honetan garbi mantentzea (1 Tes. 4:3-5, 7, 8). Espiritu santuak munduaren pentsaerari aurre egiten lagundu gaitzake. Pentsaera honen barne, Jainkoaren pentsaeraren aurka doazen filosofiak eta ikuspuntuak daude. Gainera, espiritu santuak «mota guztietako ekintza onak eta justuak» burutzen lagundu ahal digu (Efe. 5:9). Espiritu santua jasotzeko modu bat otoitzean eskatzea da. Jehobak «eskatzen diotenei espiritu santua» emango diela esan zuen Jesusek (Luk. 11:13, NWT). Bestalde, bileretan Jehoba elkarrekin goresten dugunean ere espiritu santua jasotzen dugu (Efe. 5:19, 20). Espiritu santuak guregan duen eragin onari esker, Jainkoa pozten duen moduan bizitzea lortu dezakegu. w24.03 23-24 ¶13-15
Larunbata, urriak 18
Segi eskatzen eta jasoko duzue; segi bilatzen eta aurkituko duzue; segi atea jotzen eta irekiko zaizue (Luk. 11:9).
Pazientzia gehiago behar al duzu? Hala bada, eskatu otoitzean. Pazientzia espirituaren fruituaren alderdietako bat da (Gal. 5:22, 23). Beraz, espiritu santua eta honen fruitua lantzeko laguntza eskatu ahal diogu Jehobari otoitzean. Gure pazientzia probapean jartzen duen egoera baten aurrean bagaude, jarrai dezagun espiritu santua eskatzen pazientzia izateko (Luk. 11:13). Bestalde, Jehobari laguntza eskatu ahal diogu bere ikuspuntu bera izaten laguntzeko. Otoitz egin ondoren, ahal dugun guztia egin behar dugu egunero-egunero pazientzia izateko. Otoitzean pazientzia eskatzen jarraitzen badugu, eta gure bizitzan pazientzia erakusten saiatzen bagara, ezaugarri hau gero eta gehiago barneratuko dugu eta gure izaeraren parte izatera iritsiko da. Bibliako ereduetan hausnartzeak ere laguntzen du. Biblian pazientzia izan zutenen eredu asko agertzen dira. Hauetan hausnartzean, pazientzia erakusteko moduak ikasi ditzakegu. w23.08 22-23 ¶10-11
Igandea, urriak 19
Bota sareak arrantzurako (Luk. 5:4).
Jesusek Jehobak zainduko zuela ziurtatu zion Pedro apostoluari. Berpiztu ondoren, Jesusek beste mirari bat egin zuen Pedro eta beste apostoluen aurrean (Joan 21:4-6). Oraingoan ere, arrainak harrapatzen lagundu zien. Mirari honek honakoa ziurtatu zion Pedrori: Jehobak berak zituen behar materialak erraz asetu ahal zituela. Honek, agian, Jesusen hitz batzuk gogorarazi zizkion Pedrori: Jainkoaren Erreinuari lehentasuna ematen dietenei Jehobak behar dutena emango diela (Mat. 6:33). Horrekin bat eginez, Pedrok predikazioari eman zion lehentasuna, eta ez arrantza negozioari. K.o. 33. urteko Mendekoste egunean, ausardiaz predikatu zuen eta, ondorioz, milaka pertsonek berri onak onartu zituzten (Eg. 2:14, 37-41). Beranduago, samariar eta jentilei Jesu Kristori buruz ikasten eta honen jarraitzaileak izaten lagundu zien. Honela, mota guztietako pertsonak erakarriak izan ziren kongregaziora (Eg. 8:14-17; 10:44-48). Dudarik gabe, Jehobak modu paregabean erabili zuen Pedro. w23.09 20 ¶1; 23 ¶11
Astelehena, urriak 20
Ametsa eta beronen esanahia argitzen eta azaltzen ez badizkidazue, txiki-txiki egingo zaituztet (Dan. 2:5).
Babiloniarrek Jerusalem suntsitu eta bi urte inguru beranduago, Nabukodonosor erregeak irudi erraldoi baten amets beldurgarri bat izan zuen. Jauregiko gizon jakintsu guztiei ametsaren esanahia argitzeko agindu zien. Hau egiten ez bazuten, guztiak, Daniel barne, hilko zituela mehatxatu zuen (Dan. 2:3-5). Danielek azkar jokatu behar zuen, bizi asko jokoan zeuden eta. Beraz, «Daniel berehala joan zen erregeagana, eta denbora pixka bat emateko erregutu zion, ametsaren esanahia azaldu ahal izateko» (Dan. 2:16). Hau bai ausardia eta fedea! Bibliak ez du esaten Danielek aurretik ametsik interpretatu zuenik. Hortaz, bere lagunei «zeruko Jainkoari laguntza eskatzeko esan zien, misterioa argitu ahal izateko» (Dan. 2:18). Jehobak otoitz haiek erantzun zituen. Bere laguntzarekin, Danielek ametsaren esanahia azaldu zion Nabukodonosorri eta, ondorioz, Daniel eta bere lagunek bizirik jarraitu zuten. w23.08 3 ¶4
Asteartea, urriak 21
Azkenera arte irauten duena, salbatua izango da (Mat. 24:13).
Pentsatu nola laguntzen gaituen pazientzia izateak. Pazientzia dugunean, zoriontsuago eta lasaiago bizi gara. Gainera, gure osasun mental eta fisikoa hobetu dezake. Bestalde, besteei pazientzia erakusten diegunean, harreman hobeez gozatzen dugu. Pazientziak kongregazioaren batasuna ere sendotzen du. Eta norbaitek probokatzen bagaitu, ez gara erraz haserretuko; horrela, egoera ez da okerrera joango (Sal. 37:8; Esa. 14:29, NWT). Baina, gauza guztien gainetik, gure zeruko Aita imitatzen dugu eta berarengana are gehiago gerturatzen gara. Zein ezaugarri erakargarria den pazientzia eta zenbat laguntzen gaituen! Ez da beti erraza izaten pazientzia erakustea, baina Jehobaren laguntzarekin ezaugarri hau lantzen jarraitu dezakegu. Mundu berria heltzea pazientziaz itxaroten dugun bitartean, ziur egon gaitezke hurrengoaz: «Jehobaren begiak errespetu handia diotenen gainean daude, bere maitasun leialaren zain daudenengan» (Sal. 33:18, NWT). Izan dezagun guztiok pazientziaz janzten jarraitzeko determinazioa. w23.08 22 ¶7; 25 ¶16-17
Asteazkena, urriak 22
Fedea bera bakarrik, egintzetan ez bada azaltzen, hila dago (St. 2:17).
Gizon batek fedea zuela esan arren, bere ekintzek ez zutela esandakoarekin bat egiten adierazi zuen Santiagok (St. 2:1-5, 9). Bestalde, Santiagok norbaitek janzteko edo jatekorik ez zuen anaia edo arreba bat ikusi zuela aipatu zuen, baina ez ziola laguntza praktikorik eman. Pertsona horrek fedea zuela aldarrikatzen zuen arren, bere ekintzek kontrakoa adierazten zuten. Beraz, ez zuen inongo baliorik (St. 2:14-16). Santiagok fedea ekintzen bidez erakusteari buruz hitz egiterakoan, Rahaben eredua erabili zuen (St. 2:25, 26). Emakume honek Jehobari buruz entzun eta israeldarrak bere laguntza jasotzen ari zirela onartu zuen (Jos. 2:9-11). Bere fedea ekintzen bidez erakutsi zuen arriskuan zeuden bi israeldar espioi babestuz. Ondorioz, Jainkoak israeldarra ez zen emakume inperfektu hau zuzentzat hartu zuen, Abrahamekin egin zuen bezala. Emakume honen ereduak gure fedea ekintzen bidez erakustearen garrantzia azpimarratzen du. w23.12 5-6 ¶12-13
Osteguna, urriak 23
Egon zaiteztela ondo errotuta eta ezarrita oinarrian (Efe. 3:17).
Kristauok ez gara Bibliako oinarrizko irakaspenak ulertzearekin bakarrik konformatzen. Espiritu santuaren laguntzarekin, «Jainkoaren barne-sakona ere» ezagutzeko irrikan gaude (1 Ko. 2:9, 10). Zergatik ez duzu Jehobarengana gehiago hurbilduko zaituen ikasketa proiektu bat prestatzen? Adibidez, Jehobak iraganeko zerbitzariei maitasuna nola erakutsi zien aztertu dezakezu, baita horrek zu maite zaituela nola frogatzen duen ere. Israelen Jehoba adoratzeko zegoen antolaketa aztertzeaz gain, gaur egun kristauok Jehoba adoratzeko dugun moduarekin konparatu dezakezu. Edo, beharbada, Jesusek lurrean egon zenean bete zituen profeziak sakonki aztertu ditzakezu. Asko gozatu dezakezu gai hauei buruz gehiago ikasteaz. Horretarako, Índice de las publicaciones Watch Tower edo Guía de estudio para los testigos de Jehová erabili dezakezu. Biblia sakonki aztertuz, zure fedea sendotuko duzu eta «Jainkoa ezagutzera iritsiko zara» (Esa. 2:4, 5). w23.10 18-19 ¶3-5
Ostirala, urriak 24
Guztiaren gainetik, izan elkarren arteko maitasun bizi-bizia, maitasunak bekatu asko estaltzen baititu (1 Ped. 4:8).
«Bizi-bizi» bezala itzultzen den hitzak literalki «luzatu» esan nahi du. Bestalde, bertsetaren bigarren zatiak maitasun bizi-biziak izan dezakeen eragina deskribatzen du: gure anai-arreben bekatuak estaltzea. Oihal zati edo maindire batekin egiten dugun bezala, gure maitasuna bi eskuekin heldu eta ahal dugun gehien luzatzen dugu, ez bekatu bat edo bi, baizik eta «bekatu asko» estali arte. Estali hitza barkatu esateko modu deskriptibo bat da. Oihal zati batek mantxa bat estali dezakeen bezala, maitasunak anai-arreben ahuleziak eta inperfekzioak estali ditzake. Anai-arrebei diegun maitasuna sendoa bada, beraien inperfekzioak barkatu ahal izango ditugu, nahiz eta hau egitea batzuetan zaila izan (Kol. 3:13). Besteei barkatzea lortzen dugunean, gure maitasuna sendoa dela eta Jehoba poztu nahi dugula erakusten dugu. w23.11 10-11 ¶13-15
Larunbata, urriak 25
Xafanek irakurri egin zuen liburua erregearen aitzinean (2 Kro. 34:18).
Josias erregea tenplua berritzen hasi zen 26 urterekin. Orduan, «Jaunak Moisesi emaniko lege-liburua» aurkitu zuten. Hau irakurtzean, erregeak aldaketak egin zituen segituan, bertan idatzitakoa obedituz (2 Kro. 34:14, 19-21). Gustatuko al litzaizuke Biblia erregularki irakurtzea? Agian, dagoeneko, Biblia egunero irakurtzen saiatzen ari zara. Nola doakizu? Pertsonalki lagundu ahal dizuten bertseten zerrenda bat al duzu? Josiasek akats bat egin zuen 39 urte zituenean eta, ondorioz, hil egin zen. Jehobaren gida bilatu beharrean, bere buruarengan jarri zuen konfiantza (2 Kro. 35:20-25). Zer ikasten dugu? Zenbat urte ditugun edo Biblia aztertzen zenbat denbora daramagun axola gabe, Jehobarengana hurbiltzen jarraitu behar dugula. Nola lortu dezakegu hau? Erregularki bere gida otoitzean eskatuz, bere Hitza aztertuz eta kristau helduen aholkuetatik probetxua ateraz. Horrela, zailagoa izango da akats larri bat egitea eta errazagoa zoriontsu izatea (St. 1:25). w23.09 12 ¶15-16
Igandea, urriak 26
Jainkoak aurre egiten die harroei, baina mesede egiten apalei (St. 4:6).
Bibliak Jehoba maitatu eta zerbitzatu zuten emakume aparta asko aipatzen ditu. Emakume hauek «neurritsu eta gauza guztietan fidagarri» izan ziren (1 Tim. 3:11). Hauetaz gain, arreba gazteek imitatu ditzaketen arreba helduak aurkitu ahal dituzte euren kongregazioan. Arreba gazte, ezagutzen al duzu imitatu dezakezun arreba heldurik? Arreta jarri beraien ezaugarri ederretan eta pentsatu nola erakutsi ditzakezun zuk. Kristau helduen ezaugarri inportante bat apaltasuna da. Arreba bat apala bada, Jehobarekin eta besteekin harreman ona izango du. Adibidez, Jehoba maite duen arreba batek bere zeruko Aitak ezarritako buruzagitza antolaketaren alde egitea erabakitzen du apalki (1 Ko. 11:3). Antolaketa honek bai kongregazioan bai familian du eragina. w23.12 18-19 ¶3-5
Astelehena, urriak 27
Senarrek beren gorputza bezalaxe maitatu behar dituzte emazteak (Efe. 5:28).
Jehobak senar batengandik espero duena bere emaztea maitatzea, eta bere behar fisiko, emozional eta espiritualez arduratzea da. Pentsatzeko gaitasuna garatzean, emakumeak errespetatzean eta fidagarria izatean, senar eta familia buru bezala izango dituzun eginkizunak ondo betetzeko prest egongo zara. Ezkondu ondoren, beharbada aita izatera iritsiko zara. Jehobarengandik asko ikasi dezakegu aita on bat izatearen inguruan (Efe. 6:4). Jehobak argi esan zion bere seme Jesusi maite zuela eta berarekin oso pozik zegoela (Mat. 3:17). Aita izatera iristen bazara, zure seme-alabei maite dituzula sarritan ziurtatu eta egiten dituzten gauza on guztiengatik eskuzabaltasunez zoriondu. Jehobaren eredua imitatzen duten aitek euren seme-alabei kristau heldu izatera iristen laguntzen diete. Orain zure familia kide eta kongregazioko anai-arrebei maitasuna erakusten badiezu, etorkizunean aita on bat izateko prestatzen ariko zara. Hau egiteko modu bat beraiei maite dituzula eta zuretzat baliotsuak direla esaten ikastea da (Joan 15:9). w23.12 28-29 ¶17-18
Asteartea, urriak 28
Jehoba da zure garaien egonkortasuna (Is. 33:6).
Jehobaren zerbitzari leialok, beste guztiek bezala, zailtasunak eta gaixotasunak sufritzen ditugu. Gainera, Jainkoaren herria gorroto dutenengandik oposizioa eta pertsekuzioa jasan dezakegu. Jehobak zailtasun hauetatik babesten ez gaituen arren, lagunduko gaituela promesten digu (Is. 41:10). Bere laguntzarekin, egoera zailenetan ere, poztasuna mantendu dezakegu, erabaki onak hartu ditzakegu eta berari leial izan gaitezke. Bibliaren arabera, Jehobak bere bakea emango digula promestu digu (Flp. 4:6, 7). Bake hau Jehobaren lagun onak izateagatik sentitzen dugun barneko lasaitasuna da. Gainera, «pentsa dezakeguna baino handiagoa» da, hau da, guk imajinatu dezakeguna baino zoragarriagoa. Sentitu al duzu inoiz lasaitasun handia Jehobari sutsuki otoitz egin ondoren? Sentitu duzun hori da «Jainkoaren bakea». w24.01 20 ¶2; 21 ¶4
Asteazkena, urriak 29
Bedeinka beza ene arimak Jehoba, ene barren osoak haren izen santua! (Sal. 103:1).
Jehoba maite dutenek bere izena bihotz-bihotzez goretsi nahi dute. Dabid erregeak Jehobaren izena gorestea Jehoba bera gorestea dela ulertu zuen. Jehobaren izenak bere erreputazioa duenez barne, bere izenean pentsatzean, bere ezaugarri eder guztiak eta bere ekintza zoragarriak etortzen zaizkigu burura. Dabidek Jainkoaren izena sakratutzat jo eta goretsi nahi zuen. Bere «barren osoa», hau da, bere bihotz osoa jarri nahi zuen horretan. Lebitarrek ere Jehoba goresten aurrea hartu zuten. Honakoa onartu zuten apalki: ezin zutela Jehobaren izen sakratuak merezi zuen gorespena erabat adierazi hitzez (Neh. 9:5). Dudarik gabe, lebitarrek apalki eta bihotz-bihotzez adierazitako gorespenak Jehoba poztu zuen. w24.02 9 ¶6
Osteguna, urriak 30
Zenbat aurreratu dugun axola gabe, segi dezagun zuzen bide beretik ibiltzen (Flp. 3:16).
Jehobak ez du pentsatuko porrot egin duzunik zuretzat posible ez den helburu bat ez lortzeagatik (2 Ko. 8:12). Ikasi zailtasunetatik. Gogoratu dagoeneko zer lortu duzun. Bibliak dio: «Zintzoa da, bai, Jainkoa eta ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz» (Heb. 6:10). Beraz, gogoan izan dagoeneko zer helburu lortu dituzun, adibidez, Jehobarekin duzun harremana sendotzea, besteei berari buruz hitz egitea edo bataiatzea. Aurrerapausoak eman eta beste helburu espiritualak bete ahala, orain duzun helbururantz gerturatzen arituko zara. Jehobaren laguntzarekin, zure helburua lortu ahal duzu. Zure helburu espiritualerantz lanean jarraitzen duzun heinean, gozatu Jehobak bidean zehar nola laguntzen eta bedeinkatzen zaituen ikusteaz (2 Ko. 4:7). Amore ematen ez baduzu, bedeinkapen bikainak jasoko dituzu (Gal. 6:9). w23.05 31 ¶16-18
Ostirala, urriak 31
Aitak maite zaituzte, ni maite nauzuelako eta Jainkoaren ordezkari bezala etorri naizela sinetsi duzuelako (Joan 16:27).
Jehobak bere zerbitzariak maite dituela eta beraiekin oso pozik dagoela erakusteko moduak bilatzen ditu. Biblian bitan agertzen da Jehobak Jesusi honakoa esaten: «Hau da nire Seme kuttuna, oso pozik nago berarekin» (Mat. 3:17; 17:5). Gustatuko al litzaizuke Jehobak zuri gauza bera esatea? Noski, Jehobak ez digu zerutik zuzenean hitz egiten, baina bere Hitza erabiltzen du gurekin komunikatzeko. Adibidez, Ebanjelioetan Jesusek bere dizipuluei esandako hitz maitekorrak irakurtzean, Jehobaren ahotsa «entzun» dezakegu. Jesusek modu perfektuan imitatu zuen bere Aitaren izaera. Beraz, Jesus inperfektuak ziren bere jarraitzaile leialekin oso pozik zegoela irakurtzen dugunean, Jehoba hitz hauek guri esaten imajinatu dezakegu (Joan 15:9, 15). Noski, zailtasunak baditugu, ez du esan nahi Jainkoa gurekin pozik ez dagoenik. Alderantziz, zailtasunek Jehoba zenbat maite dugun eta berarengan zenbateko konfiantza dugun erakusteko aukera ematen digute (St. 1:12). w24.03 28 ¶10-11